XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ehundaka pieza zeuden han: frisu erliebedunak, estatua pusketak eta Iparraldeko stupa eta vihara budisten adreiluzko hormak hornitu zituzten harlosa irudiz josiak, eta orain, jaso eta sailkatuta, museoaren harrotasun zirenak.

Zoramenez, aho zabalik, hara eta hona zebilen lama, eta azkenean miresmenak hartuta Budaren apoteosia edo koronazioa irudikatzen zuen goierliebe baten aurrean gelditu zen.

Lotus baten gainean eserita ageri zen Maisua; lotusaren hostoak hain zeuden sakon irudikatuak, non harritik aske zeudela bait zirudien.

Inguruan, jauresten, errege, gizon zahar eta antzineko budak zeuzkan Maisuak.

Azpian lotusez estaliriko ura zegoen, arrain eta uretako hegaztiekin.

Bi dewaek, tximeleten hegoekin eta Budaren gainean, lorezko koroa bati eusten zioten; gorago beste bik eguzkitako bati heltzen zioten, gainean Bodishaten buruko hornidura bitxiz betea zegoelarik.

- Jainkoa! Jainkoa! Sakya Muni bera da - zioen lamak, negarrez ia; eta ahots apalez otoi budista zoragarria errezitatzen hasi zen: Bidea, Legea, aparta den Harentzat Mayak bere bularrean estutu zuenarentzat, Anandaren Jauna, Bodhisat.

Eta hemen da! Eta hemen da halaber Goreneko Legea.

Ondo hasi da erromesaldia.

Eta nolako lana! Nolako lana!.

- Hortxe duzu sahiba - esan zion Kimek, eta alde egin zuen zeharka esku eta artelan sailan barrena.

Bizar zuriko gizon ingeles bat zegoen lamari begira; jiratu eta kortesiaz agurtu zuen lamak.

Bila ibili ondoren, libreta eta paper pusketa bat atera zituen arropa artetik.

- Horixe dut izena, bai - esan zuen haur-idazkera traketsari irribarrez begiratuz.

- Leku Sakratuetara erromes joan zen gutako batek (Lung-Cho monastegiko abade da orain) eman zidan - esan zion lamak hitz totelka.

Honetaz mintzatu zitzaidan - esku hezurtsuaz ingurua seinalatu zuen.